Alba Lozanoren lehen film luzea den ‘Rafaela’ filmaren grabaketa hasi da, Baleuko, 11 Varas, 100 Acres, La Claqueta PC eta Caviar ekoiztetxeen eskutik
Alba Lozanoren lehen film luzearen den ‘Rafaela’ filmaren grabaketa hasi da. Filma euskaraz grabatuko da sei astez, Bilbo, Durango, Dima, Karrantza, Elorrio, Olazabal, Atxarte, Artaza eta Munoa, besteak beste, kokaleku dituzten hainbat tokitan.
Talde teknikoko profesionalen artean, Aitor Mendilibar argazki-zuzendaritzan, Victoria de la Vega arte-zuzendaritzan eta Arantza Ezkerro jantzien diseinuan nabarmentzen dira. Muntaketaz Pepa Roig arduratzen da, eta musika-konposizioa Beatriz López-Nogalesena da.

‘Rafaela’ Baleuko, 11 Varas, 100 Acres eta La Claqueta PC ekoiztetxeen ekoizpena da, Belgikako Caviar etxearen koprodukzioarekin. Filmak EITBren eta RTVEren parte-hartzea du, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta ICAAren finantzaketarekin, eta Peris Costumes eta EFD Studios-en babesarekin.
‘Rafaela’ A Contracorriente Films banatzailearen eskutik iritsiko da zinema-aretoetara, eta nazioarteko salmenten ardura Picture Tree enpresarena izango da. Lau milioi eurotik gorako aurrekontua duen filmak milioi bat euroko laguntza jaso zuen ICAAren 2026ko urteko laguntza orokorren lehen deialdian.
«Gure idealak defendatzeko beharrari buruz hitz egitea interesatzen zait, baina baita geure pribilegioa zalantzan jartzeari buruz ere. Istorioa XIX. mendearen amaieran gertatzen bada ere, gaur egungo gaiak aurkitzen ditut bertan: zer erantzukizun dugun gure pribilegioekiko, nola defendatzen dugun sinesten dugun hori eta zer gertatzen den hori egiteko dugun lekua zalantzan jartzera ausartzen garenean», azaldu du Alba Lozanok.
1889ko Bilbon girotutako drama historiko honen protagonistak Loreto Mauleón (‘La buena letra’), Nerea Sanz (‘Mi querida señorita’) eta Miguel Garcés (‘Los domingos’) dira. Aktore-zerrenda Arnatz Puertas eta Ekia Izcorekin osatzen da, besteak beste.
Filmak Rafaela Ybarraren figura berreskuratzen du. Bilboko goi-burgesiako emakume hark bere gizarte-posizioa eta fortuna baliatzea erabaki zuen, zaurgarritasun-egoeran zeuden neskatilak eta emakume gazteak babesteko eta prestatzeko. Candela Izquierdok, Leire Albinarratek eta Gemma Urrakak idatzia, ‘Rafaela’ filmak iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa proposatzen du, desberdintasun soziala, hezkuntza, emakumeen autonomia eta konpromiso soziala ulertzeko modu desberdinak bezalako gaiak landuz.
Rafaela Ybarra Bilbon jaio zen 1843an, industria-burgesia handiko familia batean. Bizitzan zehar, bere baliabide eta ahaleginen zati handi bat zaurgarritasun-egoeran zeuden emakume gazteak eta haurrak babestera eta prestatzera bideratu zuen, Euskadiko gizarte-lanaren aitzindarietako bat bihurtuz. Filantropoa eta erlijio-sinesmen sakonekoa, Aingeru Guardako Santuen Kongregazioa sortu zuen. 1984an beatifikatu zuen Joan Paulo II.a aita santuak. Herritarrek «Bilboko ama» izenez ezagutzen dute. Filmak bere kontraesanetatik hurbiltzen du pertsonaia historiko hori: bere fedea eta gizarte-posizioa baztertzen ez dituen emakumea, baina gizarte oso desorekatu batean esku hartzeko erabiltzea erabakitzen duena.
Sinopsia
Bilbo, XIX. mendearen amaiera. Aberastasun handien eta biztanleriaren miseriaren artean banatutako hirian, Rafaela Ybarrak, goi-mailako gizarteko emakumeak, bere ingurua desafiatzen du putetxe batean bizirik irauten duten bi emakume gazte bere etxean hartzean. Etorkizun bat eskaini ahal izango diela sinetsita, bere fortuna eta fedea kausa baten zerbitzura jartzen ditu, eta horrek laster astinduko du bere bizitza. Izan ere, Catalina, emakume gazteetako batek, uko egiten dio Rafaelak berarentzat irudikatzen duen etorkizuna onartzeari. Meatzarien grebek hiria astintzen duten bitartean, bien artean lotura bat sortzen da, haien uste sendoak proban jarriko dituena eta Rafaela bere munduko arauak zalantzan jartzera eramango duena.