Ur Handitan. Palestina, gatazka amaigabea eta Zurrunbiloa, Rikardo Arregi Sarien finalistak
Gaur arratsaldean banatuko dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Ekitaldia Andoaingo Bastero kulturgunean egingo da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus webgunean, 19:00etatik aurrera.
Gaur arratsaldean egingo da Andoaingo Bastero kulturgunean Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien banaketa-ekitaldia. Epaimahaiak Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria erabakiko ditu; modalitate bakoitzean lau finalista hautatu ditu.
Kazetaritza Sariko finalisten artean dago ** Ur Handitan. Palestina, gatazka amaigabea ** erreportajea. Xabier Madariaga kazetariak Jerusalemera egindako bidaia kontatzen du, Hamasen atentatu lazgarrien urteurrenean eta Gazako sarraskiaren hasieran. Madariagak duela 20 urte elkarrizketatutako pertsonak bisitatuko ditu berriro, egoera nola aldatu den jakiteko, Palestina eta Israelen arteko gatazkan arreta jarrita. Gainera, Ander Illarramendiri egindako elkarrizketa ere jasotzen du; Iván Illarramendi gatazkan hildako lehen euskaldunaren anaia da Ander.
Bestalde, Komunikazio Sarirako hautagaien artean dago ** Zurrunbiloa **. Elhuyar Fundazioak sortutako proiektuak gazteen osasun mentala aztertzen du. ETB1en eman da, eta PRIMERAN plataforman dago ikusgai.

Horrez gain, ohorezko aipamena emango diote Jakoba Errekondori, landareei eta baratzearekin lotutako gaiei buruz komunikabideetan egindako dibulgazio-lanagatik. Euskadi Irratian hasi zuen ibilbide hori, eta gaur egun ere Landaberri saioan kolaboratzen du, larunbatero.
Andoaingo Bastero kulturgunean egingo den sari-banaketa zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus webgunean, 19:00etatik aurrera.