Amaitu da Mikel Ruedak zuzendutako ‘El doble más 15’ filmaketa

Baleukok, Sonora Estudiosek eta Potenzak ekoitzi dute filma, ETBren parte-hartzearekin.

Bilbon eta Bizkaiko hainbat tokitan filmatu da El doble más 15 pelikula. Mikel Rueda de Sasieta (Izarren Argia / Estrellas que Alcanzar, A Escondidas) da zuzendaria, eta Maribel Verdú (Ola de crímenes, Super López) eta Germán Alcarazu (A Escondidas) dira protagonistak.

Bi aktoreek Ruedaren zuzendaritzapean lan egin zuten lehenago ere, Caminan film laburrean. «Film laburreko protagonistak Maribel Verdú eta Germán Alcarazu izan ziren, eta oso harrera ona izan zuen. Baina gehiagorako gogoz geratu nintzen. Gehiago jakiteko gogoz. Istorio hori gehiago garatzeko gogoz. Beraz, kontakizun horrek noraino eramango ninduen ikustea erabaki nuen», adierazi du Mikel Ruedak, filmaren zuzendaria izateaz gain gidoiaren egilea ere badenak.

Filmaren errodajeak sei aste iraun du, Bilboko eta inguruko hainbat kokalekutan.

Baleukok, Sonora Estudiosek eta Potenzak ekoitzi dute filma, ETBren parte-hartzearekin. Filmax arduratuko da filma Espainian banatzeaz, eta datorren urtean iritsiko da zinema-aretoetara.

Scroll to Top