“Odol Ilargia”, EITBren apustu berria, gazteei zuzendutako euskarazko fikziozko telesaila sendotzeko
David R. Losadak zuzendutako eta Baleukok ekoitzitako elementu fantastikoak dituen thrillerra da. Grabaketa egun hauetan egiten ari dira Basaurin, Galdakaon eta Bilbon, eta 2026an estreinatzea aurreikusten da PRIMERANen.

Astelehen honetan, ekainaren 9an, “Odol Ilargia” telesailaren grabaketa hasi da Bizkaian. Bost ataleko fikziozko telesaila Baleukok eta EITBk ekoitzi dute, eta gazteei zuzenduta dago. Elementu fantastikoak dituen thriller bat da, David R. Losadak zuzendua, berak eta Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako gidoian oinarrituta. Belén Martínezen Cuando reescribamos la historia eleberrian dago oinarrituta.
“Odol Ilargia” lagun-talde baten bizitzako bi garai nagusitan kokatzen da, hamar urteko aldearekin (2015ean eta 2025ean). Istorioaren ardatza suizidio bat da; haren atzean, urte luzez isildutako trauma bat ezkutatzen da, eta Julenek, telesaileko protagonistak, argitara atera beharko du. Bidaia horren bidez, fikzioak bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa eta sexu-identitatea bezalako gaiak jorratzen ditu.
“Odol Ilargia” telesaileko aktore-zerrendan aurpegi berriak eta euskal aktore finkatuak uztartzen dira. Aktore gazteenen artean, Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta eta Nerea Sanz daude. Haiekin batera, esperientzia handiagoko aktoreak arituko dira, hala nola Iñigo Aranburu, Iraia Elias eta Aitor Borobia.

Grabaketa Basaurin, Galdakaon eta Bilbon egiten ari dira, eta hainbat kokaleku birsortuko dituzte bertan: institutua, atletismo-klub bat, pertsonaia nagusien etxeak eta baita espetxe bat ere.
Gazteriaren ikuspegi subjektiboa, betiere emozioei estuki lotua, Losadaren begirada pertsonalaren bidez jasoko da. Zuzendariak hizkuntza garaikidearen aldeko apustua egin du, erritmo biziarekin indartuta. Musika ere funtsezko osagaia da: Belako eta 2zio taldeen abestiez gain, Elena Setiének konposatutako jatorrizko musikak ekarpen handia egingo dio telesailari.
David R. Losadarentzat, fikziozko telesail baten zuzendaritzan aritzen den lehen aldia da hau. Aurretik, La noche del ratón (2015) eta Lady of (2018) film luzeak zuzendu ditu, baita, berrikiago, Mosquito (2023) film laburra ere.
Argazki-zuzendaria Endika Gabilondo da, eta Sultana del Badal arte-zuzendaritzaz arduratuko da. Idurre Cajaraville ekoizpen exekutiboaren arduraduna da, eta Katixa de Silva ekoizpen-zuzendaria. Alba Lozano bigarren unitateko zuzendaritzaren arduraduna da.